EUSKAL HERRIA NAFARROA DA

EUSKAL HERRIA NAFARROA DA

jueves, 1 de mayo de 2014

Euskaldun iraultzaileak gara, eta iraultzaile euskaldunak. Gure helburua, Euskal Herri Langilearen erabateko emantzipazioa eta askatasuna da, eta zehazkiago Euskal Langileriarena, klaserik gabeko Euskal Herrian. Hori lortzeko, zapalkuntza guztiak suntsitu nahi ditugu, eta bereziki botere zapaltzaile hegemonikoa den Kapitalismoa, gainontzeko menderakuntza zaharragoak (eta sakonagoak) ahaztu gabe: patriarkatua, etnozidioa, arrazakeria, ekozidioa … Mendez mende txirikordatu diren zapalkuntza sare konplexu horiek gaur egun Inperialismoan integratu dira. Euskal Iraultza Sozialista egitea da gure xedea, beraz: euskal langileok Euskal Herri batu, independente, sozialista eta euskalduna eraikitzea.

Horiek izan dira urtez urte eta borrokaz borroka gure helburu historikoak. Euskadi Ta Askatasunaren lehen Biltzarrean, 1962an, Euskal Nazio Askapenerako Mugimendu Iraultzailea sortu zen. Bosgarren Biltzarrean, 1967an, Euskal Nazio Askapen Mugimendu Sozialista finkatu zen. Definizio hauekin eta ondoren etorri zen Nazio Askapenerako Euskal Erakunde Sozialista Iraultzailearen praxiarekin bat gatoz. Lehengo lepotik dugu burua: Independentzia eta Sozialismoa! Birbatasuna eta Berreuskalduntzea!

Azken urteetan Ezker Abertzalearen zuzendaritzak hartu duen norabideak erabat larritu gaitu. Euskal Iraultza Sozialista ezinezkotzat joz, estrategiaz aldatzea eta Sistema Kapitalistan integratzea erabaki dute, ahalik eta baldintza hoberenetan. Horretarako, Inperialismoaren laguntza onartu dute. Guk ez dugu bide horretan sinesten, areago, uste dugu estrategia horrek galbidera garamatzala, Euskal Iraultza zapuztera eta herri borroka iraultzaile guztiak indargabetzera. Munduan zehar horrelako prozesuak gertatu izan dira, eta emaitzak hor daude: Inperialismoaren garaipena eta Herri Langileen Iraultzen derrota. Salbuespenik gabe.

Hau guztia ikusirik, Euskal Iraultza Sozialistari eusteko, Euskal Herri Langilearen borroka guztiak areagotzeko, Euskal Langileriaren klase kontzientzia eta praxi iraultzailea zorrozteko eta Euskal Nazio Askapen Mugimendu Sozialista Iraultzailea indartu eta berreraikitzeko, Iraultzaileen Bilguneak izeneko antolakundea sortzea erabaki dugu : IBIL.

Hona hemen gure antolakundearen oinarrizko bost printzipioak:

* EUSKAL IRAULTZA: Euskal Herri Langilearen askatasuna ez dugu lortuko Espainia eta Frantziako estatu kapitalistak Euskal Herrian gutxienez irauli eta suntsitu gabe.

Euskal Iraultzaren bost zutabeak ondoko hauek dira, gure ustez:

- INDEPENDENTZIA: Euskal Herri Langileak pairatzen duen zapalkuntza nazionala Independentzia erdietsiz bakarrik gaindituko da. Independentistak gara, Euskal Herriaren subiranotasun nazional betea defendatzen dugu zapalkuntza inperialista guztien aurka.

- SOZIALISMOA: Euskal Herriaren Independentziak badu guretzat klase izaera: Euskal Errepublika Sozialista. Bertan Euskal Langileria izango da klase hegemonikoa, eta Euskal Herri Langilea subjektu bakarra. Sozialismoa klaserik gabeko sozietatea eraikitzeko trantsizio-aldia da eta proletalgoaren diktaduraren garaia: demokrazia, hau da, Herri Boterea langileentzat, eta diktadura burgesiarentzat. Ekoizpen tresna guztien jabetza soziala izango da, hots, ekoizpen baliabideen jabetza pribatua desagertuko da erabat. Taktikoki Euskal Estatu Sozialistaren alde gaude, langileen biltzarren boterea: Euskal Errepublika Sozialista.

- BERREUSKALDUNTZEA: Euskara da gure hizkuntza nazional bakarra. Euskararen Herriaren kontra mendez mende estatu eta botere zapaltzaileek egin duten etnozidioaren aurka gaude erabat. Gaur egun euskaldungoa gutxiengoa da Euskal Herrian. Euskal Iraultza Sozialistak berreuskalduntzea ekarri beharko du bere baitan, zinezko Iraultza izan dadin.

- BIRBATASUNA: sei lurralde historikoen Nazioaren alde gaude: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoa. Hori da gaur egun gure marko nazionala.

- EUSKAL HERRI LANGILEAK BORROKA MOLDE ETA BITARTEKO GUZTIEZ BALIATZEKO ESKUBIDEA DU: Borroka molde guztien legitimitatea eta egokitasunaren printzipioa mantendu eta defendatzen dugu. Borroka bitartekoen aukera erabaki taktikoa da, beti ere Iraultzaren zerbitzuan. Ondorioz, AMNISTIA osoa eta baldintzarik gabea defenditzen dugu errepresioa jasaten duten gudari eta iraultzaile guztientzat, haien borroka erabat zilegi eta legitimoa delako, Euskal Herri Langilearen seme-alabarik zintzo eta koherenteenak direlako. Era berean Euskal Herri Langilearen borroka iraultzaile guztien oroimena eta defentsa hartzen dugu geure gain, burgesiaren gezur eta manipulazioen aurka.

* FEMINISMOA: Ez dago benetako iraultzarik emakumeak bereziki zapaltzen dituen Patriarkatua irauli gabe. Horretarako, praxi feminista ezinbestekoa da, Iraultza Sozialista egiazkoa izan dadin. Emakume langileen feminismo sozialista iraultzailea da gurea.

* EKOLOGISMOA: Ama Lurraren oreka ekologikoa babestu eta zainduko duen Iraultza Sozialista egin nahi dugu, antidesarrollismoa eta planeta honetako biziaren ekosistema globalaren garapena bultzatuko dituena, beti ere Herri Langileen ongizatearen zerbitzuan.

* INTERNAZIONALISMOA: Kapitalismoa mundu mailako sistema da, eta bera suntsituko duen Iraultza Sozialista ere mundu mailakoa izango da. Hori da internazionalismo proletarioaren muina. Euskal Iraultza Sozialista mundu mailako Iraultza Sozialisten partea da, eta Euskal Langileria, munduko Langileriaren zatia. Klase interes komunek oinarritzen dute internazionalismoa: Kapitalismoa suntsitu eta Sozialismoa eraiki nahia. Euskal langileon betebehar internazionalistarik gorena, Euskal Herrian Iraultza Sozialista egitea da, eta bide horretan gainontzeko Langilerien borroka iraultzaileak lagundu eta babestea.

* EUSKALDUNTASUNA: Euskara Euskal Herriaren hizkuntza nazional bakarra da. Euskal Iraultzaren subjektu hegemonikoa Herri Langile euskaldunak izan behar du, horrela bakarrik bermatuko baita euskaldungoaren biziraupena eta Euskal Herriaren berreuskalduntzea. Gure antolakundeak Euskaraz funtzionatuko du, bere egiturak euskalduntzaileak izango dira, eta bere militanteek Euskara jakin behar dute.


http://www.euskaliraultzasozialista.blogspot.com.es/2013/05/ibil-iraultzaileen-bilguneak-2-oinarriak.html

No hay comentarios:

Publicar un comentario